Donapaleu

Turismo bulegoaren parean, Auzitegi karrika hartu behar da. Nafarroako errege karrika ohia da, lehengo hiriaren bihotza. 17. mendea arte, toki hartan jotzen ziren erresuma guzirako txanponak. Moneta karrikañoa da toki hartatik gelditzen den aztarna bakarra. Etxe karratu handiek, zurbesodun edo balkoidunek, Donapaleuko hiriak Nafarroa Behereko hiriburu ohi gisa zeukan zeregin garrantzitsua oroitarazten dute.


Erdi Aroaz geroztik, Done Paulo eliza Pauen kokatua zen Nafarroako Parlamentuaren menpe zegoen auzitegiaren egoitza bihurtu zen, jainkotegi protestante bilakatu aitzin. Parean, Derdoy Oyhenart etxea badago, « Buruen Etxea » deitua eta Enrique II.aren pean noble bihurtu zena : pentsa daiteke erretratu zizelkatuak Nafarroako azken erregeenak direla…


Santa Magdalena elizak, 19. mendean eraldatuak, ospe handiko organo bat aterbetzen du. Urrunago, pilotalekuan, pilota partida anitz iragaten dira eta agorrilean, herri kirolen jaialdi famatua antolatua da.  


Merkatu plazan, Saint-Jayme trinketa Trinketako hotelaren gibelean ezkutatzen da. Haren metalezko armazoia Gustave Eiffel-ek marraztu zuen eta haren galeriek eliza batenak oroitarazten dituzte.


Donapaleuko merkatua ostiral goiz guziz iragaten da. Neguan, ahate eta gibel gizenen merkatua ere bertan egiten da. Hortik hurbil, Ona Tiss ehungintza tailerrak gonbidatuko zaituzte euskal arroparen noblezia eta dotoretasuna ezagutzera. Oraindik jardunean dagoen ipar Euskal Herriko azken ehundegia da.


Donapaleuko hiri-barnetik lau kilometrora, Gibraltar-eko oroitarriak, Donapaleu, Uharte Garazi eta Larribarre arteko mugan altxaturik, Konpostelarako hiru bideren ustezko elkargune bat irudikatzen du. 

Bisitatu Donapaleuko webgunea

Télécharger
Donapaleuko planoa deskargatu
donapaleukoitzulia.pdf
Document Adobe Acrobat 152.6 KB


garruze

Bordeletik Astorgarako erromatar bidean sorturik, Garruzeko herria Donapaleuko hiria aitzinekoa da eta Erdi Aroan herrian berean egiten ziren feiriei zor die bere ospea. Urtero uztailaren 31tik agorrilaren 1era iragaten den Garruzeko feiria hitzordu saihestezina da zaldi eta behien salmentarako.


Garruzeko karrika nagusian gaindi ibiltzea denboran zehar bidaiatzea da : Sehabia eta Pelegrinia bezalako 17. eta 18. mendeetako ohiko etxe zoragarriak ez dira eskas.

Bisitatu Garruzeko webgunea


Izura eta Oztibarreko harana

Harana Nafarroarako pasabide naturala baita, historiaurreaz geroztik gizakiaren presentzia nabarmena da. Bertan aurkitu diren Dordoina edo Galiziatik etorri suharriei esker, badakigu komunikazio ardatz nagusi bat izan dela.


Kristo ondoko zenbait urte ondoren, Erromatarrek Akitania inbaditu eta errepide sare bat sortu zuten pertsonak eta merkantziak garraiatzeko gisan. Zeuden bideetan bide lauzatuak antolatu zituzten. Izura eta Donazaharretik iragaten zen ibilbide batek Garona eta Ebro ibaiak juntatzen zituen. Horri esker, Bordeletik Iruñera joan zitekeen Pirinioetako Ibañeta lepotik pasatuz.


Izura herriaren jendeztatzea aspaldikoa da, Konpostelako beilarien iragatea aitzinekoa. Alta, Erdi Aroko beilarien kopuru handiak bizkortu zuen herria. Gero, armategi, merkataritzarako bidegurutze eta erlijiozko herri bihurtu zen.


Hainbat gertakarik eragin zuten Izuraren gainbehera : 14. mendean izurriteak gertatu ziren ; 1512an Espainiarrek Nafarroa indarrez hartu zuten ; bi aldiz su ematen zioten herriari, parte bat suntsituz ; 19. mendearen amaieran, Landen ideortzearen eraginez, itsasbazterreko ibilbideak berrerabili ziren.


Gaur egun, haranean egiten den jarduera nagusia « manex » arrazako ardien eta Akitaniako behi blonden hazkuntza da. Tokiko gasnaren kalitateak ere ospe handia du. 1980. hamarkadan abiatu zen lehengo sagarren laboreari esker, sagarnoaren  ekoizpena berpiztu da ipar Euskal Herrian.


Done Jakue bide desberdinen elkargunearekin, harrera ohiturak iraun du bertan kokatuak diren beilarientzako hiru ostatuei esker.


 Irisarri

Herriaren lehen aipamena 12. mendekoa da. Herriak 750 biztanle dauzka eta Baigurako mendizolan da kokatua, Hazparne eta Donibane Garazi artean, bide-erdian.


Ospitalea etxea antzinako bi dokumentutan aipatua da : Baionako kartularioan 1186an eta Baionako Gutunean 1516an. Ospitalea izena, ostalarien ordenatik dator - ordena horren menpe baitzegoen -, eta ez etxeak zeukan harrera zereginetik. Laborantzaz bizi zen eta zeuzkan lurren ustiapenaren fruitua gurutzadetan berrinbertitzen zuen. Frantses Iraultza arte, badirudi herriko laborantzako lurrak ustiatzen zituen bakarra Ospitalea zela. Denboran zehar, patioak bihitegi, ogi labe, sagar dolare, txoritegi eta aziendarentzako barruti bat aterbetu izan ditu. Iraultzaren ondotik, Estatua Ospitaleaz jabetu zen eta nazio ondasun gisa saldu zuen : orduan, tokiko familia batzuen ondasun bihurtu zen eta etxearen laborantzako xedea mantendua izan zen. 1980az geroztik Kontseilu Orokorraren ondasun bihurturik, etxea zaharberritua izan da 2001ean ondare heziketa zentro bat bilakatzeko, astelehenetik larunbatera bisita daitekeena.